« Itzuli albistegira

Versia, XXV. Marcelo Gangoiti Sariaren irabazlea

2022-05-02

Barakaldoko Versia enpresak XXV. Marcelo Gangoiti Saria jaso zuen aurreko ostiralean Somorrostro Prestakuntza Zentroan. Saria Manu Mosteiro Versiako presidenteak jaso zuen.

Ekitaldiak Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako sailburuordea izan zituen buru.

Trapagaranen sortu zenetik Barakaldon duen egungo kokapeneraino, Versiak 30 urtetik gorako ibilbidea egin du. Berrikuntzaren aldeko apustuari eta aldaketetara etengabe egokitzeko joerari esker, bezeroen lehiakortasuna hobetzeko soluzio globalak garatzeko gaitasuna duen enpresa bihurtu da, bezeroei egungo ingurune digital berri honetan helburu estrategikoak lortzen laguntzen dielarik. Horretarako, teknologiaren, digitalizazioaren eta berrikuntzaren arteko oreka zehatza landu du, datua eta softwarea oinarritzat harturik. Egun, 9 enpresak osatzen dute eta 900 profesional baino gehiago ditu. Hainbat ordezkaritza eta zerbitzu-zentro ditu Iberiar Penintsula osoan banatuta eta 2021ean 75 milioi eurotik gorako fakturazioa lortu zuen.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak eman diote saria Manu Mosteiro Versiako presidenteari. Bertan izan dira, besteak beste, Ainara Leiba Muskizko alkatea, Javier Laiseca Somorrostro Prestakuntza Zentroko zuzendaria eta Kerman López Bilboko Elizbarrutiko bikario nagusia, beste hainbat erakunde eta enpresaren ordezkariekin batera.

Saria Somorrostro Prestakuntza Zentroak antolatzen du SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia eta Cebeken laguntzaz, eta urterik urte, enpleguaren sorrera, inbertsio-ekimena, ekonomiaren zein ingurumenaren dinamizazioa, berrikuntzaren sustapena, gizarte-erantzukizuna edota enpresen nazioartekotzearen bitartez, Bizkaiko ekonomia biziberritzen modu aktiboan laguntzen duten enpresaburuak saritzen ditu.