« Itzuli albistegira

Repsolek GNLaren bunker-terminala eraikitzeari ekin dio Bilboko Portuan

2021-09-21

Bilboko Portutik hornituko ditu Brittany Ferries konpainiak 2022an eta 2023an abian jarriko dituen Salamanca eta Santoña deritzen ontziak.

Terminal honen eraikuntza Repsolek eta Brittany Ferriesek 2019an Estatuko eragiketetan gas natural likidotua hornitzeko sinatu zuten epe luzeko lankidetza-akordioaren ondorioa da. Aurreikuspenen arabera, instalazioa 2022ko lehen seihilekoan jarriko da martxan. Bilboko terminalak 1.000 metro kubikoko tanga kriogenikoa izango du, eta bertan, gas naturala egoera likidoan mantendu ahal izango da, -160ºC-ko tenperaturan. Terminalaren diseinu malguari esker, etorkizunean hainbat ontziri zerbitzua eman ahal izango die, eta honek egundoko aukera ekarriko du portuko eragiketen deskarbonizazioa bultzatzeko.

Proiektu hau Repsolek garapen industrialaren alde egin duen apustu argiaren isla da, eta 10M €-tik gorako inbertsioa ekarriko du. Terminal honi Santanderren eraikiko den edukiera bereko beste bat gehituko zaio. Bi terminalak Europako Batzordeak finantzatu ditu CEF-Connecting Europe Facilities Programme programaren bitartez.

Bilboko eta Santanderreko terminalen eraikuntza beste urrats bat da konpainiak 2050ean zero isurpen garbi lortzeko helburuari begira, GNLa itsasontzientzako erregai alternatiboa bihurtzearen aldeko apustuari eutsiz.

Hartara, Brittany Ferries konpainiak Bilbon eta Santanderren dituen lineen gasifikazioari esker, urtean 73.000 t/CO2 gutxiago isuriko lirateke gutxi gora-behera, hau da, 50.500 ibilgailuren urteko batez besteko isurpenak.