« Itzuli albistegira

Jaurlaritzak eta Repsolek eraikinen birgaitze iraunkorra eta auzoen berroneratzea bultzatuko dute

2021-04-20

Eusko Jaurlaritzak eta Repsol Fundazioak sinatu dute Opengela Fundazioa sortzeko akordioa, birgaitze ekoiraunkorren plana.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta António Calçada Repsol Fundazioko presidenteordeak sinatu dute akordioa. Fundazio berria izango da birgaitze ekoiraunkorreko proiektuak Euskadi osoan kudeatuko dituen erakundea, eta dagoeneko aurrerapenak egiten ari dira jarduketa-eremuak identifikatzeko. Gaur egun, esku-hartze horiek Europako Opengela proiektuaren bidez egiten dira Txonta (Eibar) eta Otxarkoaga (Bilbo) auzo pilotuetan, eta Aramotz (Durango) zein Basaundi Bailara (Lasarte-Oria) auzoetan errepikatzen ari da proiektu horren eredua. Aipatutako proiektuak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak hiri-berroneratzeko jarduketak sustatu ditu Koroatzean (Gasteiz) eta Txomin Enean (Donostia).

Urrats berri honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Repsol Fundazioak Euskadi osora hedatu nahi dute energetikoki iraunkorra, irisgarria eta gizartearen eta hirigintzaren aldetik kohesionatua izango den auzo-eredu berriranzko bilakaera. Jarduketak energia-efizientzian, irisgarritasunean eta egiturazko segurtasunean oinarrituko dira, isurketak murrizten eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduta. - Opengela izeneko hurbileko bulegoek laguntza teknikoa emango dute birgaitze-lan horiek gauzatzeko, eta finantzaketa-programak ere eskainiko dituzte gizarte-kalteberatasuneko, iraupen luzeko langabeziako edo pobrezia energetikoko egoeran dauden pertsonei horrelako esku-hartzeetarako sarbidea emateko. Opengela Fundazioa pribatua izango da, eta aurten lanean hastea espero da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu ondoren.

Iñaki Arriolak adierazi duenez, “Euskadik Europa hegoaldeko etxebizitza libreen parkerik zaharrenetako bat du, eta betebeharra dugu energiaren aldetik iraunkorrak izango diren birgaitzeen arloko iraultza pertsona guztien eskura jartzeko, haien erosahalmena edozein dela ere”.

Bestalde, António Calçadak azpimarratu duenez, lankidetza honek “trantsizio energetiko iraunkorra eta inklusiboa bultzatzen du, isurketak murrizteko helburuetan lagunduz eta familien bizi-kalitatea hobetuz, batez ere ahulenak direnena. Gainera, eragin handia du suspertze ekonomikoan, birgaitze-lanak egiteko euskal enpresa-sarea garatzearen aldeko apustua egiten baitu”.

Akordio honen bidez, ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatuko dira eraikinen birgaitzeari, hiri-berroneratzeari eta hiri iraunkor, inklusibo, kohesionatu eta erresilienteak garatzeari dagokionez.