« Itzuli albistegira

Repsol Fundazioak eta Muskizko Udalak kiskalitako lurrak basoberrituko ditu

2021-03-24

Repsol Fundazioak eta Muskizko Udalak duela bi urte suteak kiskali zuen 7,2 hektareako lursaila berreskuratuko dute, inguru guztia berdegune bihurtzeko asmoaz.

Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, Repsol Fundazioak eta Muskizko Udalak, basoberritzeko proiektu aitzindaria abiarazi dute, 2019ko martxoko suteak Pozas inguruan kiskali zuen 7,2 hektareako lursail bat berreskuratzeko. Ingurune hau klima-aldaketaren ondorioak arintzen lagunduko duen berdegune bihurtzea da proiektuaren helburua.

Proiektuan aurreikusi denez, 7,2 hektareako lur-zatia basoberritu eta 5.500 zuhaitz landatuko dira, atmosferatik 970 tona CO2 atzitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak lurra garbitu eta aldez aurreko prestaketa-lanak egin ditu. Gainera, basoberritzearen ondoren, basoa zaintzeaz arduratuko da, espezie inbaditzaileen hedapena saihesteko eta eremua bidegabeko erabileretatik nahiz suteetatik babesteko. Era berean, Sylvestris enpresa datozen hiru urteetako mantentze-lanak egiteaz arduratuko da proiektuaren arabera, landatutako espezieen kontserbazioa bermatzeko eta hutsarteak betetzeko, behar izanez gero.

Lanak egiteko zortzi pertsona aukeratuko dituzte, horietako bi talde ahuletakoak, tokiko enplegua eta inguruko enpresen kontratazioa bultzatuz.

Matilde García Petronorren Ingeniaritza eta Garapen arloko kudeatzaileak argi utzi du “basoberritzea bultzatzea eta baso-soiltzea saihestea direla konponbide klimatiko naturalik eraginkorrenak eta bideragarrienak. Basoberritzeko proiektuek ingurumen-inpaktu positiboa dute, klima-aldaketa arindu eta degradatutako ekosistemak berreskuratzen laguntzen duten heinean, baina horrez gain, begi-bistako onura soziala dakarte, talde ahulenei zuzendutako tokiko enplegua sustatzeko ereduari esker”.

Bestalde, Borja Liaño Muskizko alkateak adierazi du “Udalaren lehentasunetako bat basoberritzeak zuhaitz autoktonoekin egitea dela. Mello mendiko eremu batean egingo den ekintza honen bitartez, jarraipena emango diogu Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak baso-ustiapenaren eta baso autoktonoaren arteko oreka lortzeko landutako ildoari”.

Repsol Fundaziotik, bere presidenteordea Antonio Calçadak nabarmendu zuenez, “basoberritzeak konponbide klimatiko natural eta eraginkorra dira CO2 isurpenak konpentsatzeko, eta bidezko trantsizio energetiko iraunkorraren mesedeko inpaktu positibo hirukoitza (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) eragiten dute”.