Aurkezpena
Luzamenduaren kalteak
Informazio hitzak berria dirudi baina klasikorik klasikoenetakoa da, euskaraz behinik behin, ez baita alferrik Pedro Agerre Azpilikueta nafarraren Gero (Bordele, 1643) liburuan agertzen. Makinatxo bat jardun, esames eta esne-berba berri eragin dira geroztik harako informazio-gizartearen aitzakiaz, baina ez behintzat informatu beharraren beharraz.
Informatu beharraren lehen aipamena Axularrek egin bazuen, funtsezko komunikazioaren lehen kimuaren printza Bernart Etxeparek loratu zuen, bere Primitiae (1545) delakoan zereko zera esan zuenean: Ogirik eztakusat biltzen hazi erein gaberik.
Ogirik biltzen ikusi… alegia ez dela nonbait aski biltzea, biltzeaz gainera biltzen ikusten ez baldin bada. Eta ez biltzen ikusi, ez eta bildu ere, aldez aurretik hazia ereiten ez baldin bada. Zer gerta ere, txita ala oiloa, hazia ala ogia, berria ala gertakaria… zein ote aurrena?.
Informazio Gizarteari sarri leporatu ohi zaio gaur egungo azelerazio lar handia, presaren presaz “primitia”rik galdu nahi eza. Ahaztu egin zaigu, antza, Axularrek aurreratu zigula –ez gero Hiriart Urrutik — edozein kazetarik ordenagailuaren pantaila-babesean jarri beharreko leloa: Zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak.