« Volver a la noticias

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartea sortu da

08-11-2021

Gaur egin da BH2C Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Elkartearen lehen Batzarra, 71 enpresa eta erakunderen partaidetzarekin. Ekitaldia Arantxa Tapia sailburuak ireki du Glasgowtik.

Guggenheim Mseoan egindako bilera beste urrats bat besterik ez da hidrogenoa energiaren arloko industriatzat bultzatzeko. Izan ere, klima-neutraltasunaren aldeko trantsizio energetikoan funtsezko zeregina beteko du zalantza-izpirik gabe, Euskadin zein Europan.

José Ignacio Zudaire BH2C Elkarteko presidenteak jendaurreko agerraldian nabarmendu duenez, “elkartearen sorrerak agerian utzi du enpresek eta erakundeek deskarbonizazioan aurrera egitearen alde egin duten apustu sendoa, hidrogenoa bektore energetikotzat erabiliz.

Trantsizio energetikoa jasangarria izan dadin, nahitaezkoa da, deskarbonizazioaren erronkarekin batera, industriak BPGan duen pisuari eustearen aldeko konpromisoa har dezagun. Gure industria garatzen, aberastasuna eta ongizatea sortzen eta gure berrikuntza eta teknologia bultzatzen lagunduko digun trantsizioari heldu behar diogu. Kalitatezko enplegua sortzeko gai den herrialde industriala izaten jarraitu nahi badugu, betiko moduan aurre egin behar diogu erronka honi, proiektu zehatzen bidez, inbertsioen bitartez, teknologiaren laguntzaz eta lankidetza estrategiatzat erabiliz. Hidrogenoaren Euskal Korridoreak osagai horiek guztiak uztartu ditu, eta horren harira, inongo zalantzarik gabe esan dezaket etorkizun luzea duen etorkizuneko proiektua dela. Zalantzarik gabe, Euskadik apustu irmoa egin behar du sektore honen buru izateko, altzairugintzan, makina-erremintan, automobilgintzan edo berriztagarrietan egin duen bezalaxe”.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea aurtengo otsailean aurkeztu zen, energia, mugikortasuna, industria eta zerbitzuak eta bestelako sektore estrategikoen deskarbonizazioan aurrera egiten laguntzeko. Proiektua aurrera ateratzeko 1.300 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da 2026ra arte, eta zuzeneko 1.340 lanpostu nahiz zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sorraraziko ditu.