« Volver a la noticias

Repsolek 600 milioi euroko emaitza garbi doitua lortu zuen 2020ko ekitaldian

22-02-2021

Repsolek, trantsizio energetikoa helburutzat finkatuz, konpainiaren eraldaketa bultzatu zuen 2020 urteko ekitaldian zehar, non 600 M€-ko emaitza garbi doitua lortu zuen.

“2020an, aurrekaririk ez duen egoerari aurre egin eta konpainiaren etorkizuneko oinarriak finkatu ditugu. Gure proiektuaren sendotasuna frogatu dugu berriz ere, funtsezko zerbitzu publikoaren eginkizuna bete dugu eta oraingoan ere argi utzi dugu gurea enpresa baliagarria dela gizartearentzat”, adierazi du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak Konpainiaren emaitzen berri emateko ekitaldian.

Repsolek 600 milioi euroko emaitza garbi doitua lortu zuen 2020ko ekitaldian. Konpainiaren negozioen jarduna beren-beregi neurtzen duen aldagai horren arabera, emaitza positiboa lortu zuten, osasun-krisi globalak markatutako ingurune konplexua gorabehera. Portaera on hori negozio guztietako eragiketen kutxa-fluxu positiboan ere islatu zen, talde osorako 3.197 milioi eurokoa izan zelarik.

Ekitaldiak Covid-19ak eragindako aurrekaririk gabeko krisi globala izan zuen protagonista, eta horren aurrean, Repsolek lehentasuna eman zion funtsezko zerbitzu gisa bete behar duen eginkizunari, instalazioak martxan mantenduz eta gizartearentzat ezinbestekoak diren produktu eta zerbitzuen hornidura bermatuz.

“Industriak argi utzi du espainiar ekonomiaren bizkarrezurraren osagaia dela, baita motor nagusietakoa ere. Horren harira, funtsezko eginkizuna du krisiaren ondorengo susperraldian nahiz mundu deskarbonizatuagoa lortzeko helburuan, eskuragarri dauden teknologia guztien laguntzaz”, azpimarratu du Imazek.