« Itzuli albistegira

Josu Jon Imaz: “Errekuntzako motorra konponbidearen zatia da”

2020-11-06

“Errekuntzako motorra konponbidearen zatia da”, esan du Repsoleko kontseilari ordezkariak Bizkaiko lehenengo gas-hornitegiaren inaugurazioan.

Sestaoko Galindo zerbitzuguneak gas natural konprimitua (GNC) hornituko die autoei, furgonetei, autobusei zein zerbitzuetako kamioiei, eta 400.000 euro inguruko inbertsioa egin da bertan, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) mugikortasun eraginkorra sustatzeko abian duen laguntza-programaren bidez. Repsolen eta Nortegasen arteko aliantza estrategikoaren haritik sortua, ibilgailuentzako gas naturalaz hornitzeko sarea jarriko du erabiltzaileen eskura Repsol Taldearen zerbitzuguneetan, bereziki Euskadin, Kantabrian eta Asturiasen.

Inaugurazio ekitaldian izan dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia, Sestaoko alkate Josu Bergara, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola, Repsoleko kontseilari ordezkari Josu Jon Imaz eta Nortegaseko kontseilari ordezkari Javier Contreras, Galindoko Zerbitzuguneko zuzendari nagusi Nuria Lekuerekin batera.

Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak azaldu duenez, Repsolek urteak daramatza eraldaketan murgilduta, konpainia multiergetikoa bihurtu eta 2050ean zero isurpen garbi dituen enpresa izateko xedez, eta egun, asmo handiko helburu hori betetzeko konpromisoa hartu duen sektoreko lehenengo enpresa da egun. Gainera, zera adierazi du: “Energiaren eta mugikortasunaren inguruko zerbitzu guztiak eskaintzen ditugu erabiltzaile bakoitzaren beharrak asetzeko. Aurrera egiten jarraitu behar dugu, betiere bezeroa erdigunean dugula, mugikortasunaren arloko soluzio guzti-guztietan “.