« Itzuli albistegira

Repsolek eta Nortegasek Sestaon jarriko dute ibilgailuentzako gas naturalaren lehen “gasinera”

2020-07-28

Zehazki, Barakaldotik Trapagaranera doan errepideko 9,2 kilometroko Repsolen hornitegian, A-8ko lotunetik gertu.

Repsolek eta Nortegas Green Energy Solutions-ek akordioa sinatu dute Repsol Taldearen hornitegietan ibilgailuentzako gas natural (IGN) sarea sortzea bultzatzeko. Esan bezala, aurrenetako gasinera Sestaon kokatuko da.

Gas natural konprimatuko lehen hornikuntza gune honetan, konpainiek 400.000 euro inguruko inbertsioa egingo dute, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) mugikortasun efizienterako bere laguntza programaren bitartez babestuta. Eraikitze lana hasi da dagoeneko eta ibilgailu arinen (autoak eta furgonetak) eskaerari erantzuteko ahalmena izango du, baita hiri mailako ibilgailu ertain eta astunenarenari ere (furgonetak eta banaketarako kamioiak). Bizkaiko lehen hornitegia izango da IGNren etengabeko hornikuntza daukana, deposituaren beharrik gabe.

Aliantza honen bitartez, konpainia biek konpromisoa hartu dute publikoaren eskura gas natural sarea jartzeko, Repsol Taldearen hornitegietan, Nortegasek gas naturalaren hornitzaile gisa diharduen erkidegoetan bereziki, hau da Euskal Autonomia Erkidegoan, Kantabrian eta Asturiasen.