« Itzuli albistegira

BeGas enpresaren kapitala 5,2 milioi eurotan handitu da

2020-07-21

BeGas enpresak kapitala handitu du, Ekarpen eta BBK bazkide berriek egindako inbertsioari esker eta Repsol, Innvierte CDTI, Easo Ventures, Itzarri eta EIN enpresen lankidetza tarteko.

Hiriko garraio astunerako –kamioiak eta autobusak– AutoGasez (gas likidotuaz) bultzatutako motorrak ekoizten dituen BeGas enpresak 5,2 milioi euroko kapital-handitzea eman du ezagutzera gaur, Ekarpen eta BBK bazkide berriek egindako inbertsioari eta Repsol, Innvierte CDTI, Easo Ventures, Itzarri eta EIN enpresek 2019ko abenduan abiarazitako inbertsioaren handitzeari esker. Kapitala handitzeko akordioa ekitaldi baten bidez bistaratu da gaur, “eKo revolution” lemapean, eta bertan parte hartu dute, Pedro Silva Correa BeGaseko CEOarekin batera, Oscar López Goikolea, Repsol Energy Ventureseko Investment Managerrak, Javier Ponce Martínez CDTIko Zuzendari Nagusiak, Javier Aguirre Allende Ekarpeneko Zuzendari Nagusiak eta Gorka Martínez Salcedo BBKko Zuzendari Nagusiak.

Kapital-handitze honi esker, konpainiak giltzarrizko funtsak lortu ditu Bizkaian garatu nahi duen industrializazio eta hazkunde proiektuari ekiteko, izan ere, 6 milioi euroko guztizko inbertsioa behar duen proiektu hori ondorengo hiru urteetan amaitzeko asmoa du.

BeGas 2015ean sortutako teknologia-oinarriko enpresa da, injekzio likidozko %100 AutoGas (gas likidotua) motorrak ekoizten dituena, eta egun motor horiek merkaturatzeko fasean murgilduta dago. Egoitza soziala eta fiskala Bizkaian dituen enpresa honek ekoizpen-zelula bat du egun Boroako AICn.

Denbora honetan, %100 AutoGas/gas likidotuaz elikatzen den munduko lehen motor homologatua garatu du ibilgailu industrialetarako –kamioiak eta hiriko autobusak–, BeGas AVG Euro VI D delakoa. Isurpen baxuen EURO VI D zigilua du, eta horri esker, etorkizun iraunkorragoa lortzen lagundu nahi du merkantzien nahiz pertsonen garraiorako.