« Itzuli albistegira

Repsolek eta Petronorrek deskarbonizacio-proiektu bi indarrean jarri

2020-06-16

Josu Jon Imaz Repsoleko Kontseilari Ordezkariak ezagutarazi ditu deskarbonizazio-arloko puntako bi industria-proiektu, Bilboko portuaren inguruan eraikitzekotan.

Petronor eta Energiaren Euskal Erakundea (EVE) kideen artekoak dira. Instalazioak Bilboko portuan eta inguruan kokatuko dira lehen aukera gisa, eta 80 milioi euro inguruko hasierako inbertsioa ekarriko dute.

Lehenengo proiektuak, 60 milioi euroko hasierako inbertsioa tarteko, energia berriztagarriarekin sortutako hidrogeno berdetik abiatuta isurpen garbirik gabeko erregaiak ekoiztuko dituen munduko instalaziorik handienetako bat eraikitzea izango du helburu. Ekoizpenean erabilitako lehengaiak dira erregai berritzaile horien ezaugarri nagusia: ura eta CO2, besterik ez. Egun, Estatuko nahiz mundu osoko automobiletan instalatzen diren errekuntza-motorretan erabili ahal izango dira, baita hegazkinetan, kamioietan eta beste aplikazio batzuetan ere.

Instalazioa guztiz abian izango da lau urteko epean, eta erreferentziazkoa izango da Europan aplikatutako puntako teknologiagatik eta Petronorren findegian atzitutako CO2aren erabileragatik. Honen garapenak dakarren maila goreneko erronka teknologikoaren buru izango da Repsol Technology Lab ikerketa zentroa, Mostolesen finkatuta dagoena. Hidrogeno berdearekin −% 100 garbia den energia, iturri berriztagarrietatik sortua− konbinatuko du CO2a prozesuko lehengai bezala, eta honek zero isurpen garbiko erregaien garapenaren abangoardian kokatuko ditu Repsol eta Petronor.

Lehenengo fasean, ondorengo merkaturatze-aldian emaitzen arabera eskalatzeko aukerarekin, eguneko 50 upel erregai sintetiko lortuko dira, CO2aren zero isurpen garbi eraginez ekoizpen-ziklo osoan, eta ekoizpen hori nahikoa izango litzateke Bilbo-Madril aire-ibilbidearen erregai-beharrak estaltzeko. Aurten, proiektuaren ingeniaritza kontzeptuala bideratzen hasiko da. Petronor da CO2a atzitu, biltegiratu eta erabiltzeko prozesuak integratu dituen Iberiar Penintsulako findegi bakarra, eta Europa osoko findegi gutxietako bat, eta atzitzea airetik zuzen-zuzenean egingo duela aurreikusi da.

Bigarren proiektua, lehenengoaren ondoan kokatua, nagusiki Bilboko portuan eta inguruan alegia, 20 milioi euroko hasierako inbertsioaren bitartez gauzatuko da, Petronor buru izanik, eta hiri-hondakinetatik abiatuta gasa sortuko duen instalazio baten eraikuntza ekarriko du. Gas honek ohiko erregaien zati bat ordezkatuko du euskal findegiko ekoizpen-prozesuan, hauxe baita Estatuan ekoizpen-gaitasunik handiena duten instalazioetako bat.

Bigarren ekimen hau Repsolek eta Petronorrek ekonomia zirkularra bultzatzearen alde abian jarri eta teknologiaren zein berrikuntzaren bidez konpainiaren ekoizpen-zikloaren fase askotan aplikatzen duten estrategiari atxikita dago. Repsolek esparru honetako 200 proiektu baino gehiago abiarazi ditu dagoeneko, giltzarrizko palankatzat finkatu baitu 2050ean zero isurpen garbia lortzeko.

Josu Jon Imazen hitzetan, “proiektu hauek argi utzi dute neutraltasun teknologikoari eusteak duen garrantzia deskarbonizaziorako beharrezkoak diren alternatibak bilatzeko orduan, betiere kontuan izanda klima-aldaketaren aurkako borrokan arrakasta lortzeko balizko soluzio teknologiko guztiak, aurreiritzirik gabe, gure helburuak lortzen eta gure industria babesten modu eraginkorragoan eta jasangarriagoan lagunduko diguten soluzioen alde eginez”.

“Espainiak gaitasun teknologiko eta industrialetan oinarritu behar du bere deskarbonizazio-estrategia. Hidrogeno berdearen ekoizpena eta CO2aren atzipen eta erabilerarekiko konbinazioa, zero isurpen garbia duten erregaiak ekoizteko, Repsolen deskarbonizazio-estrategia industrialari atxikita dago. Proiektu honekin, espainiar industria isurpenen murrizketaren arloko eragile garrantzitsua bihurtu da Europan”, adierazi du Kontseilari Ordezkariak.

Lehenengo fasean, pirolisi instalazio honek urteko 10.000 tona hiri-hondakin inguru prozesatu ahal izango ditu, eta honen gaitasuna ondorengo faseetan handitu ahal izango da, urteko 100.000 tonaraino, gutxi gorabehera, inguruneko hiri-hondakin guztien baliokidea.

Petronorreko presidente Emiliano López Atxurraren esanetan, “proiektuak egungo egoeran garrantzitsuak diren hiru alderdi uztartzen ditu: karbono-aztarna murriztu eta neutraltasun teknologikoa horretarako tresnatzat erabiltzearen aldeko etorkizuneko apustua; industria eta teknologiaren erronka, trantsizio energetikoaren oinarritzat; eta lankidetza publiko-pribatua, ongizate-gizarte iraunkorra finkatuko duen garapen industriala gauzatzeko tresna adimenduntzat”. Findegian egindako prentsaurreko birtualean José Gregorio Luque Petronorreko Kontseilari Ordezkariak eman ditu bi proiektuen xehetasun tekniko guztiak.