« Itzuli albistegira

Indeusek 2020rako helburuak aztertzeko bilera izan du

2020-02-18

Industriaren Euskal Plataformak honek batzar orokorra izan berri du, Bilbon, Euskal Autonomia Erkidegoko industria arloan euskararen presentzia eragiteko eta sustatzeko.

Euskal enpresen lehiakortasunaren euskarri izatea du helburu Indeusek eta asmo honetan, bertan bildu ziren Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea, Alex Arriola, SPRIren zuzendari nagusia, eta Iñigo Ansola, EEEren zuzendari nagusia, ekimeneko kide diren enpresetako ordezkariekin, haien artean Petronor, orain arte egindakoa berrikusi eta aurrera begirako helburuak finkatzeko.

Indeus, SPRI-Enpresen Garapenerako Agentziak bultzatua, Hizkuntza Politikako sailburuordetza eta Energiaren Euskal Erakundearekin batera, euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. 20tik gora enpresa atxikitu dira plataformara 2018.urtean lehen urratsak eman zituenetik hona.

Industriaren Euskal Plataformaren sorrera bultzatzearekin batera, SPRIk hiztegi berria egitea erabaki zuen, etengabe hitz berriak sortzen dituen industriaren alderdirik aurreratuenari dagokion hiztegi espezializatua hain zuzen ere. Elhuyarrek garatu du eta 250 kontzeptu ditu, gainera, guztiek euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko ordainak dituzte; guztira, 870 termino.

Muskizko findegiak lehen urratsa eman zuen jadanik zentzu honetan 2018an, eta Elhuyar Fundazioarekin batera Petronor Oil & Gas Hiztegia jarri zuen abian, oil & gas sektoreari buruzko kontsulta-tresna, 1.500 kontzeptu espezializatu baino gehiago eta 300 definizio tekniko inguru biltzen dituena, euskaraz eta gaztelaniaz, 21 arlotan sailkatuta.