« Itzuli albistegira

Zientzia-zabalkunderako Naukas jardunaldiak, irailean

2016-08-18

Petronorrek babestuko ditu zientzia-zabalkunderako Naukas jardunaldiak, urtero bezala Euskal Herriko Unibertsitatearen Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuko dituena, irailaren 16an eta 17an, Bilbon, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan.

Zientzia-zabalkunderako Naukas jardunaldiak, irailean

Aurtengo jardunaldien kartela

Naukas (zientzia, errusieraz) ekitaldiek hamar minutuko berrogeita hamarren bat hitzaldi labur bildu ohi ditu, jarraian, goiz eta arratsaldez, bi eguneko jardunaldietan zehar. Gainera, beste hainbat saio ere eskaini izaten dira, hala zientzia eta teknologia arloko aditu ezagunei egindako elkarrizketak, nola zientzia giroko antzezpenak eta musika-saioak. Baita ere, aldi berean, gaztetxoentzako zientzia-zabalkundearen gaineko ekitaldiak ere.

Naukas.com deritzan atariaren laguntzaz antolatua, honako hau da Kultura Zientifikoko Katedrak urtero eratu ohi dituen ekitaldietarik arrakastatsuena. Izan ere, behin eta berriz, bostehun lagunentzako besteko eserlekuak dituen Bizkaia Aretoaren Mitxelena gelak gainezka egin izaten du eta iaz, hain zuzen, eraikinak dituen gainerako gela guztiez (800 lagun) baliatu beharra izan zen eta hitzaldiok barne-telebistaz eskaini.